Andrew Fisher
Andrew Fisher (Crosshouse, Ayrshire, 1862ko abuztuaren 29a - Londres, 1928ko urriaren 22a) australiar politikaria izan zen. Hiru aldiz Australiako lehen ministroa izan zen (1908-1909, 1910-1913 eta 1914-1915). Australiako Alderdi Laboristako buruzagia izan zen 1907tik 1915era.
Eskozian jaio zen eta eskola utzi zuen meategian lan egiteko. Hamazazpi urterekin sindikatu-burua zen. 1885ean Australiara emigratu zuen, eta han sindikalismoarekin lotuta jarraitu zuen. Queenslanden kokatu zen eta 1893an Queenslandeko Parlamentuko kide hautatu zuten.
1901ean Parlamentu Federaleko kide hautatu zuten eta 1904an Merkataritza ministro izan zen Chris Watsonen gobernuan. 1908ko azaroan Alfred Deakinek dimisioa eman ondoren, Fisherrek gutxiengoen gobernu bat eratu zuen 1909ko ekainera arte.
Alderdi Laboristak irabazi zituen 1910eko hauteskundeak eta Fischer lehen ministro kargurako itzuli zen. Pentsioak, langileen eskubideak edo Australiako itsas armadaren hedapena bezalako erreformak egin zituen. 1913ko hauteskundeak galdu ondoren Joseph Cookek ordezkatu zuen.
1914an laboristek boterea berreskuratu zuten hauteskundeak irabazi ondoren. Fisherrek australiarren babesa agindu zion Britainia Handiari Lehen Mundu Gerran. 1915eko urrian dimisioa eman zuen Billy Hughesen alde. Ondoren, Australiako enbaxadorea izan zen Erresuma Batuan 1916tik 1920ra.